
Bigarren aldiz Ainhoa Azurmendik hitzaldi nagusia eskaini zuen Emakumeak eta Kirola Estatuko Biltzarrean, oraingoan Bilbon ospatu zelarik, 2019ko martxoan. Hizlariak berdintasuna eta kirolaren arloan nazioarteko politiken bilakaera aztertu zuen, beste herrialdeetako esperientzietatik ikasteko garrantzia azpimarratu zuen, eta kirol politikak genero ikuspegia txertatzen dutela bermatzeko beharra aipatu zuen.
Halaber, Azurmendik, arlo honetan ditugun erronkak zerrendatu zituen, hala nola: legedi egokia garatzea arlo honetan; hezkidetza, eta neska zein emakumeen gorputz jabekuntza bermatzea; kirol politikak diseinatzeko orduan intersekzionalitatea kontuan hartzea; emakumeek erabakitze karguetan parte hartzea; sexu jazarpena eta abusuaren inguruko ikerketak egitea; eta arlo honetan emakume eredugarriak ezagutarazten jarraitzea. Azkenik, esan zuen arlo honetan berdintasunerako aurrerapausotzat hartu behar direla emakume kirolarien aldetik agertzen ari diren aldarrikapenak.